Gobierno Vasco

Alemaniar lagunak bisitan Oianguren BHIn

Azken aste honetan Ordiziako Oianguren BHIn alemaniar ikasle eta irakasle talde bat  izan ditugu bisitari. COMENIUS proiektuaren barruan antolatutako ekintza izan da.  2011n hasi ginen europar ekimen honekin,   PUZZLING PIECES OF THE EUROPEAN PUZZLE -PUZZLE EUROPARRAREN  PUZZLE  ZATI HARRIGARRIAK  izenburupean. Proiektu hau Alemaniako Worbis-eko Staatiches Gymnasiun “Marie Curie”  ikastetxearekin eta  Galeseko Llandudno hiriko Ysgol John Bright School-ekin batera burutzen ari gara. Honela, gure kultura zabaltzeko aukera paregabea  dugu, baita besteena ezagutzeko ere. Euskal identitatea abiapuntutzat hartuta europartasunerantz begira ari gara eta egungo Europar Batasunaren  ezaugarriak ezagutzen dihardugu.

Iazko ikasturtean hainbat ekimen burutu genituen,  ikasleak elkarlanean, ingelesez, IKTak erabiliz, lan desberdinak egin zituzten, besteak beste egutegi bat egin genuen  hiru kulturetako elementuak, irudiak, ohiturak, festa-egunak… jasoz. Gainera gure lankideen bisita jaso genuen  urte honen  hasieran, eta apirilean gure ikasleak Llandudnora, Galesera, joan ziren.

Oianguren institutuko COMENIUS proiektuaren bigarren ikasturtea dugu hau.  Gure institutuan DBH  4. mailako 11 ikasle eta 1. Batxilergoko beste 10 ikasle ari dira  elkarlanean buru-belarri. 2012-13an ikasturte  honetarako irailean  Llandundon egin genuen   irakasle eta ikasleen koordinazio bileretan  kurtso honetan zehar egin beharreko  bisitak  eta elkar-trukaketak aurreikusi ziren , eta horretan gabiltza.

Han adostu genuen bezala, gure lagunak  joan den astean hemen izan genituen,   gure herrialdea eta ikastetxea ezagutzen. Hilaren 10ean etorri eta 16an itzuli ziren euren herrialdera. Ikasle kanpotarrak  gure ikasleen familietan hartu zituzten. Izan ere hauen laguntza  beharrezkoa da proiektua burutzeko. Aste guztian zehar azkeneko hiruhilabetekoan on-line plataforma batean egindako lanak aurkezten aritu ziren eskolan, Europan barna egindako bidaiak lekuan lekuko  monumentuak, erakundeak, ohiturak …jasoz. Datorren hiruhilekoan  zer egingo den ere elkarren artean erabaki zen. Oraingoan Europar Batasuna eta bertan dauden identitate desberdinak gaitzat hartuta mahai joko bat egokituiko dute, eta horretarako bi ikasturte hauetan sortutakoa erabilitako materiala eta ikasitakoa erabiliko dute.

 Baina dena ez da lana egitea. Eta aldi berean, gure kultura eta bazterrak preziatzeko txangoak eta ekitaldiak antolatu genituen astean zehar. Besteak beste, Herri-kirolak ezagutzeko ekitaldia antolatu zen  Ordiziako Udalaren laguntzaz Majori Kiroldegian; beste egun batean, Gernikara eta bertako Bakearen Museora  joan ziren, ondoren  Mundakara, eta Gaztelugatxera hurbiltzeko. Asteari amaiera   Donostian eman genion, eta han, San Telmo museoan Badu Bada erakusketa ikusteko aukera izan genuen. Eguraldia ez genuen lagun izan, baina horrela Donostiaren beste aurpegi bat ezagutu zuten.

Ekitaldi eta ekintza ofizialez gain,  ikasleek alde batetik eta familiek eurenetik,  beste hainbat ekintza, bisita … antolatu dituzte, honela ikasle hauek gure inguruan erabat murgilduz. Gure ikasleek ere era horretan gertuagotik  ezagutu dituzte lagunak. Oso esperientzia polita izan dela diote ikasleek; gainera, lagun berriak egin dituzte  eta euren etxeetan atzerritarrak  izateak ingelesez aritzeko aukera eman die. Aldi berean,  beraien ohiturak ezagutzeko aukera paregabea dela adierazi dute, nahiz egonaldia motza izan .  “Lana ere egin behar izan dugu, baina orain hara (Alemaniara) joateko irrikitan gaude” diote.

Izan ere, hemendik aurrera proiektuaren azkeneko atalean sartuko gara. Nolabait ere urte hauetan egindako guztiaren emaitzak jasoz mahai-joko bat burutu behar dute ikasleek,  eta amaiera emateko, gure ikastetxeko ikasle eta irakasle talde bat  datorren  udaberrian Worbisera (Alemaniara) joango da. Etorri diren lagunekin oraingoan  paraje haiek ezagutu eta bertako kulturan murgiltzeko parada izango dute.

 

Ezin ukatu proiektu europar hau aukera paregabea dugula  inguruko kultura batzuk  ezagutu eta gurea zabaltzeko. Argi dago gainera, bide batez, ingelesa eta IKTen erabilera sustatzen ari garela  ikasle eta irakasleen artean. Gure ikastetxeko Hezkuntza Proiektuko hainbat helburu jorratzeko aukera zuzena dugu COMENIUS  proiektu hau.  Bestalde, eta bukatzeko, zera esan behar,  hau guztia ez litzatekeela posible izango Oianguren BHIko ikasleen gurasoen  elkarlanik  gabe,  eta nola ez, gure Zuzendaritza eta Eskola Kontseiluaren laguntzarik gabe. Ezin utzi  aipatu gabe, Ordiziako Udalaren laguntza. Bai iaz baita aurten ere gure hainbat ekintza aurrera ateratzeko Udal honen laguntza  ezinbestekoa izan dugu.  

Benetan eskerrak guztioi.

 

© oianguren
Telefonoa: 943899389 | 012282aa@hezkuntza.net